BEHIN BIZITZEA

Autorea: Gari&maldanbera

EAN: 8436007088307

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Cd euskal musika

Edizio data: 2024

PVP originala: 14.50 €

Erosi

Sinopsia

Zuzenenean 2022 (Elkar) diskoaren aurkezpen-oharrean Roberto Mosok adierazi bezala, “Gari esatea estilo esatea da, botere eszenikoa eta sentsibilitatea nota bakoitzean”. Hura Gariren zuzeneko lehen diskoa izan zen, eta harekin ziklo bat itxi zuen. Beharrezkoa zuen itxiera hura, motxila arinduta bidea egiten jarraitu ahal izateko. Izan ere, ezin dugu begi-bistatik galdu Garik 30 urte baino gehiago egin dituela bakarka, edo, hobeto esan, neurri handi batean, bere ohiko banda bihurtu den Maldanberarekin. Alex Alonso: batería eta programazioak; Oier Aldekoa: baxua eta ahotsak; Miguel Moyano: gitarra, programazioak eta ahotsak. Oraingoan, Garik eta Maldanberak estudio-lan berri bat dakarte: Behin bizitzea. Kasu honetan, Iker Laurobak bandarekin bat egin eta arindu ditu Oier eta Miguel teklatu eta ahotsen arduraz. Diskoa grabatu eta masterizatu da 2024ko otsailean, Elkarrek Adunan duen estudio berrian, Víctor Sánchez ingeniariaren gidaritzapean. Nahasketak, berriz, Unai Mimenzak egin ditu. Lan honek izugarri kanta ederrak biltzen ditu, hainbat dinamika eta harmoniarekin jolas egiten dutenak. Kasu gehienetan, hitzak oso egile ezagunek idatzi dituzte. Kanta guztietan islatzen da Gariren bertuteetako bat: tonu batetik bestera aldatzeko trebezia aparta. Trebezia horrek kanten ederra areagotzen du, ezbairik gabe. Baina Behin bizitzea diskoa ez da Garirena bakarrik, bandarena ere bada. Izan ere, disko hau hasieratik beretik talde-lanaren fruitua da. Honen atzean entsegu-ordu asko, maketak eta laborategiko lan handia dago. Hori guztia agerian geratu da grabazio- eta nahasketa-prozesuan, eta, nola ez, azken emaitzean. Horren ondorioz, disko sendoa da, arrakalarik gabekoa.