BIZI BIZIAN
Autorea: Errobi
EAN: 8422832002823
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Cd modu onekoak
PVP originala: 8.95 €
Sinopsia
Iparraldean, egoera politiko eta sozialak ez ditu erantzun berberak eragiten eta Errobi “elektroi librea ” da; baina bere kontzertuek harridura sortzen dute errepertorio tradizionalari lotutako publikoarengan. 1975. urtean Manex Pagolak kontzertu bat antolatu zuen Garazin. Errobik bigarren kanta interpretatzen duen bitartean, aurreko belaunaldietako ikusleak aretotik irteten dira. Ez du garrantzirik, badakite nondik nora joan, Errobi talde aitzindaria da, aurretik inor ez baita ausartu estiloa berritzera. Estiloa berritzearekin bat kontzertuetara joaten den ikusle berri bat jaiotzen da, ikusle abertzaleak eta euskaldunak gehienak. “Ematen dituzten kontzertuak musika-festa modernoak dira. Beren sekretua: kalitate teknikoari eta musikaren kalitateari dagokienez zorrotzak izatea, eta hori guztia borondate baten zerbitzura jartzea: burujabetzaren aldeko euskal mugimenduaren bizitasuna eta aberastasuna erakusteko borondatea hain zuzen, bai kulturan eta baita politikan ere. Arrazoi horregatik, beren ikuskizunetan musika garrantzitsua den arren, ez dute ahazten letrak funtsezkoak direla. Umorea, goxotasuna, ironia eta erreboltaren bidez, ez Parisek eta ezta Madrilek ere aitortu ez duten herri baten errealitatea eta helburuak kantatzen dituzte”, idatzi zuen Frantziako Aude eskualdeko kazetari batek 1979. urtean, taldeak Carcasonako eskualdean eman zuen kontzertuaren harira. Errobiren errepertorioa ez da soilik aldarrikapen abertzalera mugatzen, 70eko hamarraldian mundua astintzen duten gaiei ere heltzen diete. Horren adibide dira Daniel Landarten idazlumatik sortzen diren hitz gogorrak, Pinocheten diktadurapean bizi den langileria gogora ekarri nahian “Xileko langileria” kantuan. Eta gai horien artean daude baita ere giza eskubideak, Tupamaroen borroka… Umorea edo, hobeto esanda, ironia da gai zailei heltzeko arma nagusia; ironia da hain zuzen “Nagusiaren nigarrak” edo “Lantegiko hamar manamenduak” kantuen letrak idaztean Daniel Landartek erabili zuen baliabidea; eta gainera, bide batez esan beharra dago berak idatzi zituela “Bizi bizian” diskoko abesti guztiak. 1978. urtean grabatu zen, eta disko guztien artean konprometituena dela esan daiteke, Errobiren benetako manifestua, “Gure lekukotasuna” izenburuan hauteman daitekeen legez. “Badakigu bai, kantuaz beste, nahi duela herriak, baina ez dira denontzat berdin iraultzen iturriak”. 1.- Gure lekukotasuna 2.- Hi 3.- Kanpo 4.- Xileko langileria 5.- Nagusiaren nigarrak 6.- Euskadi 7.- Aitarik ez dut 8.- Lantegiko… 9.- Nora goaz 10.- Gure zortea