COLOR HITS

Autorea: Los Bichos

EAN: 8436007085030

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Cd modu onekoak

Edizio data: 2015

PVP originala: 8.95 €

Erosi

Sinopsia

Color hits, Los bichos: “Color Hits”, 1989ko udan argitaratua, Josetxo paregabearen xelebrekeria eta neurrigabetasunen inguruan osatutako taldearen printzipio-deklarazioa da. Disko honetan, lehenengo olatuko punka bizi izan zuen gazte batek debuta egin zuen. Izan ere, Josetxok Tensión taldea osatu zuen 1978an, eta ideia hori garatu zuten pixkanaka, harik eta 1987an ezin hobe zetorkien generoa eta izena aurkitu zuten arte: Los Bichos. Altxorraren Uhartea izango balitz bezala, Josetxok bere ondoan zituen beti lagun leial eta bereziak, bakoitza bere input bitxiarekin.  Asio, baxua eta koruak, arima kidea eta sekulako konplize baldintzagabea bicho-ibilera guztietan. Charly, gitarra bakarlaria, zirujau trebearen lana egin zuen lick, bakartsaio eta arpegioen bilbean, Mick Ronsonek Bowierentzat egin zuen moduan. Eta amaitzeko, Fermin, bateria, “Se avecina tormenta” goitizena zuena, eta, izen horrek dioen bezala, instrumentua ekaitzaren moduan astintzen zuena.

“Lehen diskoa baino ez da”, esaten zuen Josetxok. Esku artean duzun diskoa deszifratzeak ez du zentzurik, entzuteko aukera baituzu. Eta azalpenak emateko ahaleginean erreferentziak eta eraginak oinarritzat hartzeak ere ez du zentzurik.  “Color Hits” diskoan benetan garrantzia duena da garai hartan ahaztuta zeuden ikono, soinu eta estetikei egindako erabateko maitasun-aitormen baldintzagabea dela. El Bosco, Jack Vance, Wim Wenders, Dalí, Tolkien, okultismoa, Egipto… eta beste hainbat fetitxe. Askotariko diskoak: glam rock, blues, latinoamerikarra, Motown, Blank Generation eta… Zarata.

80ko hamarkadaren azken urteetan, bertako zenbait diskoetxe independente hasi ziren movida osteko bestondoari aurre egiteko benetako alternatibak argitaratzen. Aipatzekoak dira, esate baterako, Sex Museum, Lagartija Nick eta Cancer Moon taldeen lehen albumak. Gogaitasun horren ondorioz, Josetxorena bezalako buru inspiratu eta autodidaktetan sortutako unibertsoetan sartzeko irrikaz zegoen fan-komunitateak besoak zabalik hartu zuen “Color Hits”. “Color Hits” izan zen, eta gaur egun da, inoiz argitaratutako debut harrigarrienetako bat.

“Abestiak (“Color Hits” diskako abestiak, alegia) fan baten ikuspegitik egin dira”, esaten zuen Josetxok. Los Bichos taldeak samurtasuna eta emozioa nahasten ditu amorruarekin eta tentsioarekin. Eta, konplexurik gabe, bolero-rantxera bat jotzen dute (‘Mezcalito’, ‘Me gustaría llorar’), edo Temptations taldearen bertsio delikatu bat (‘My Girl’). Captain Beefheart artistari egindako keinuak ageri dira, bai eta Stooges taldearen eta Bo Diddleyren arteko gurutzaketa egoki eta intuitiboa ere, gai honen guztiaren ADN aurkitzera iritsiz. Karatulan eta barneko orrian collage bat ageri da, eta Josetxok berak eskuz eta odolez idatzitako testuak. Potentziala, ideiak eta abesti onak zeuden disko honetan. Diskoetxeak ere ‘Shadow Girl’ abestiaren aldeko apustua egin eta single gisa atera zuen, eta Los 40 Principales zerrendarako proposatu zuten. Haren melodia eranskorra eta egitura pop bikaina ez ziren egokiak, antza. Eta zergatik ez? “My head is burning, mi cock is high, Shadow Girl is here tonight”. ‘Verano muerto’ abesti epikoa uda hartako abestia izan zen, eta beste batzuetakoa ere bai, niretzat behintzat. Lou Reedi eta The Only Ones taldeari egindako keinuak ageri ziren sekulako POP obran. “Un millón de esqueletos caminan en silencio, perdidos y asustados bajo el cielo plateado… pintados de colores, maquillados como putas”.

Kontzertu eta aurkezpen batzuk han-hemenka… Horixe izan zen LP bat kalean izateari atera zioten etekin bakarra. Konektatu zuten, hori bai, artista eta obra horiek ikusita errenditu ziren fan bakan batzuekin. Ahanztura eta injustizia larri baten aurrean gaude, oraingoan ere. Baina inoiz ez da beranduegi Los Bichos taldearentzat. Izan ere, Charly izan ezik, taldekiderik ez dugu jada gure artean, hura guztia kontatzeko, baina haien musikak denbora-hesia gainditu du, klasea eta estiloa lagun.

Iñigo Munster (2013)