ERROBI
Autorea: Errobi
EAN: 8436007074041
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Cd modu onekoak
PVP originala: 8.95 €
Sinopsia
Anje Duhalde eta Mixel Ducauk lizeoan igaro zituzten urteei buruzko kronikak ez du horien loriarik kontatzen, ez da lortutako diplomei buruzko zerrendarik agertzen. Bi mutilen nerabezaroa abesti berriei lotua dago, Mantxa edo Pirinio Atlantikoko departamentuetatik haratago irrati-uhinen bidez heldutako ahotsei. Anjek S.L.C. (Salut les Copains) irrati-programa gogoratzen du, Europan gehien entzuten zen saioa hain zuzen, eta egunero 17etan arreta berezia eskaintzen zitzaion yeye modari, baina baita rock eta folkari ere. Azken hau oso gogoko dute Anjeren etxean; sendian ikasi du bere ama-hizkuntza, euskara, eta era berean, familiarengandik jaso du abesti tradizionalekiko gustua. Mixelek, bere aldetik, saxofonista heziketa sendoa jaso du kontserbatorioan, nahiz eta izen handiko kontserbatorio bat ez izan; baina orain, lotura horiek askatu nahian dabil, eta bere metodo jansenistak atrile gainetik jaurti ondoren, askatasun osoz hegan egiteko prest dago, bat-batekotasunaren orri zuri betierekoan zehar. Jazza askatasunerako gunea da eta gitarra frantses ukituaren ezaugarria. Lehenengoak Bob Dylan eta protesta-kantua ekartzen dizkigu gogora, bigarrenak, aldiz, New Orleans eta Beatles-ak. Goatekeen urrezko garaian jaso zituzten lehenengo arrakastak Mixelek eta “Les Jaguars” izeneko bere taldeak. Bi protagonistak Baionako lizeoko koloreen aurrean gurutzatu dira, baina, oraindik ez dakite beren ibilbideek bat egingo dutela abentura komun batean, ibaiadarrak ibaiaren ibilgura abandonatzen diren moduan. Anjek bateria jotzen du, eta Frantxo Saint Esteben uztariztarrak sortutako El Fuego berbena-talde ezagunarekin elkartzea erabaki du; bien bitartean, Mixelek gitarra-jole bezala dihardu beste berbena-talde batean 16 urte zituenetik. 1968. urtea haustura guztien urtea da, baina Euskal Herrian euskal kanta berriaren garaia ere bada. Hemendik aurrera, bai abesbatza instituzionaletan, eta baita zortziko tradizionaletan ere nahitaezkoak dira bakarlaria gitarrarekin eta protesta-kantu amerikarraren bide zuzenarekin konprometitutako errepertorioa. Errepresio-giro hartan “Ez dok amairu” taldea jaio zen hegoaldean, Jorge Oteizaren ekimenari esker, besteak beste; talde horren babesean bildu ziren Mikel Laboa, Joxe Angel Irigarai, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Maite Idirin, Artze anaiak eta Benito Lertxundi (Benito Donovan euskaraz interpretatzen entzun zuenean, Anjek aitortu zuen “zur eta lur” geratu zela). Uztaritzen Anjeren begiek bagoi batean pintzel anonimo batek idatzirikoa ikusi dute, bertan Arrizabalaga Hegoaldeko militanteari jarritako heriotza-zigorra salatzen da. Bitartean Burgosko prozesua burutu da. Mixelek bere erroetara itzultzeko benetako beharra sentitzen du; berbena-taldeen ikuspuntua aldatu egin da, eta gainera, El Fuego taldeak euskara erabiltzen du bere errepertorioko gaietan, pausu iraultzailea zinez. “Nolabait El Fuego da Errobiren aitzindaria” gogorarazten digu Anjek atseginez. El Fuegon lizeoko adiskidearekin topo egin du, eta berpizkunde kultural bat argia ikusi nahian dabilen momentu horretan elkarrekin zerbait egiteko gogoa piztu zaie… badirudi baldintza-multzoa egokiena dela arragoaren sakon-sakonetik alkimia gerta dadin. Ezbairik gabe, bat egite horren elementurik garrantzitsuena Daniel Landartekin elkartzea izan zen; Landart autodidakta eta ezin ahaztuzko aktorea da Iparraldeko eszenatoki kulturalean, eta nahiz eta oso pertsona diskretua izan, ez da mutu geratzen den horietakoa. Iratzederrek Jainkoaren eta Euskal Herriaren graziak goraipatu bazituen, Daniel Landartek aukeratutako gaiak Euskal Herria eta langileria izan ziren. Bertsoaren gozotasuna ezagutu du txikitatik, antzerkiari oso lotua dagoen gizona da (hamalau lan idatzi ditu guztira), eta hainbat eleberri idazteaz gain, bertsoak egiten ere iaioa da; bere bizitza militanteak ez du bere sentimenduak baztertzera eraman. Gogoan dugu Mikel Laboak musikatu zuen bitxi xume hura; “Zure begiek, ene maitia, badute biek dirdir eztia”. Zorioneko elkartzea izan zen, are gehiago, patuaren gutizia. Robertek, Anjeren anaiak, Daniel Landart gonbidatu du txerri hiltzea ospatzera. Anje ere bertan dago, oraindik El Fuegoko bateria-jolea da, baina gau hartan Daniel Landarten testuak musikatzeko ideia sortzen da. Eta hauxe izango da Anje Duhalde eta Frantxoa Saint Estebeni Hegoaldeko ateak irekiko dizkiona. Road movie bateko ekipamendu egokia daramate: Sanferminak, ibilera gogoangarriak, ezusteko hitzorduak, Euskal Herri ezezagun batekin elkartzea. “Frankismoari oso denbora gutxi geratzen zaio, itxaropenez betetako garaia da, Euskal Herrian guztia da posible, amets egitea libre da. Ideiak aurrera eramateko gure tresnak abestiak eta antzerkia izan dira. Elkartze horiek guztiak oso aberasgarriak izan ziren Anjerentzat” gogoratzen du Danielek. Momentu horretan jaio ziren adiskidetasuna eta konplizitatea. Daniel Landart “Beste batekilan”-en lehendabiziko bertsoak irakurtzen ari da Anjeri Beherobi ibaiertzean, baina haize-kolpe batek bertso eder horiek idatzirik zeuden orriak eraman ditu. Orduan, Anjek uretara salto egin du orriak berreskuratzeko. Seinale bat izan da. “Goizero” eta “Beste batekilan” kantuekin Errobiren jaiotza-agiria sinatua geratu da, edo bataio-iturritik gertuago dago behintzat. 1975ean lehenengo 45 birak egin zituzten: euskal rocka jaio da. Danielek hogei abesti inguru idatzi zituen taldearentzat. 1.- Euskadi 2.- Aitarik ez dut… 3.- Hi 4.- Kanpo… 5.- Gure zortea 6.- Perttoli 7.- Nora goaz? 8.- Zuretzat… 9.- Andere haundi 10.- Euzkadi