GIPUZKOA DONEMILIA
Autorea: Oskarbi
EAN: 8436848990104
Bilduma: Cd euskal musika
Edizio data: 2026
PVP originala: 14,50 €
Sinopsia
Euskal musikaren panoraman talde beteranorik bada, hori da Oskarbi. Izan ere, 60 urte egin ditu aurten, eta hori ospatzeko disko berri bat plazaratu du: Gipuzkoa Donemilia.
Bere ibilbide luzean, taldea Ez Dok Amairu mitikoan hasi zen lehenengo urratsak egiten. Bada, 60 urte geroago, badela hamahiru erakutsi du, Gipuzkoa Donemilia hau Oskarbiren hamahirugarren diskoa baita.
Su baxuan prestatutako lana da: grabazioak 2024an hasi eta 2026ko maiatzean bukatu dira. Guztira, hamaika kantu dira, taldeak bere-berezkoak dituen ezaugarrien isla: ondo aukeratutako hitzak, kantutegi tradizionaletatik hartuak zein sortu berriak; musika landua, betiere herri-musikaren bidetik, eta ederki uztartutako ahots zoliak. Den-dena gustu handiz biribilduta.
Kantuotan, omenaldi eta aipamenak nonahi aurki daitezke…
Diskoari izenburua ematen dioten kantuak, Gipuzkoa eta Donemilia, Gipuzkoari eta euskarari eskainiak dira, hurrenez hurren. Lehenengoa, Gipuzkoa toponimoaren aipu zaharrena orain dela 1.000 urtekoa delako. Bigarrena, euskaraz idatzitako lehen hitzak, horiek ere orain dela 1.000 urtekoak, Donemiliagako monastegian aurkitu zirelako.
Monsen Bernat Etxepareren kantua-k, berriz, euskal literaturan leku aparta duen poeta nafar hura du gogoan.
Ez Dok Amairuko lagun zaharrak ere kontuan izan dituzte Oskarbikoek: Lourdes Iriondo eta Bitoriano Gandiaga, Tiriki tauki-ren bidez; Mikel Laboa, Oi Pello, Pello-ren bidez, eta Julen Lekuona Globo gorri-ren bidez. Globo gorri Oskarbik lehen aldiz grabatu du, Lekuonak kantatu bai baina ez baitzuen grabatu.
Kantu berriak ere badira, noski. Horra Lore bakartia (hitzak: Joxelu Treku; musika: Iñaki Maritxalar) eta Arto zuriketa berria (hitzak: Jon Martin; musika; Carlos Ruiz eta Iñaki Maritxalar), baita zaharberrituak ere. Azken hauen lekuko dira Perutxoren kantua, Kattalin ttirun ttarun eta Adizan Gabriela.
60 urte geroago, Oskarbik jarraitzen du, sasoian jarraitu ere. Bai, bada hamahiru!