GURE LEKUKOTASUNA

Autorea: Errobi

EAN: 8436007076083

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Cd modu onekoak

PVP originala: 8.95 €

Erosi

Sinopsia

Errobi eragin ugariren arteko benetako elkargunea da, eta agian horixe izan da arrakasta eman diona, baina, hala eta guztiz ere, bere inspirazio-iturria euskal musika izan da beti. “Banandu ezin den amalgama da. Batzuetan Crosby, Stills, Nash eta Young bezala kantatzen dugula leporatzen digute ahots-armoniak asko erabiltzen ditugulako, baina, egia esan, Euskal herrian jendeak horrela kantatu izan du mendeetan. Eragin asko izan ditu, bai abesbatzena, bai tabernetan kantatzen dutenena edo Amerikako mendebaldeko kostako kantuena… erritmoari dagokionez, amerikarrek berritasun bakarra ekarri digute: rocka”, aitortu zuen Anje Duhaldek 1978. urtean egindako elkarrizketa batean. Mixelek, berriz, hogeita hamar urte geroago baieztatu du herentzia ahotsen bidez betikotu dela, eta konposizioaren gakoetako bat erritmoa Euskal Herriko musikara egokitzea dela; hala eta guztiz ere, Errobik ez ditu musika-tresna tradizionalak oso maiz erabili. “Andere” (Beñat Amorena eta Mixel Ducauren musika) horren adibide garbia da: zortzikoaren erritmoa maisuki egokitua, oraindik egun, bere gaurkotasun guztia gordetzen duen konposizio baterako. Ezaugarri hori ere lagungarri zaio Errobiren talentuari. Konposizio gehienak kontzertuetan pentsatuz egin dira, eszenatokian kantatzeko, baina, nolanahi ere, mahai inguruan, lagunez inguraturik edo familian, gitarra soil baten laguntzarekin kantatzeko ere erabat egokiak dira. Errobik merezi zuena jaso zuen eta memoria kolektiboan sartu zen Etxahun, Oxobi, Iparragirre, Manex Pagola, Benito Lertxundi edo Mikel Laboak izan dezaketen kategoria berarekin. Tradizioa indartu egiten da betikotu eta denboraren koloreez estaltzen denean. Errobiren benetako abentura hastera doa.Taldea ezagutzera eman zen, eta horretarako bide praktikoa aukeratu zuten, kontzertua. Inoiz hiru kontzertu ere eman zituzten egun bakar batean hegoaldean; “frustrazio guztiak exortzizatzeko modurik onena da”, adierazi du Anje Duhaldek. Hegoaldeko gazteek bereziki harrera ona egin zioten musika-estilo berri honi, erdi zabalik dagoen ate bat baitzen sistema frankistak debekuz jositako mundu batean. Kontzertu bat eman ahal izateko “Kultura eta turismo” ministerioaren baitan zegoen zentsura organismoaren baimena lortu behar zen; organismo hori arduratzen zen testuak galbahetik pasatzeaz, eta ondoren erabakitzen zuen seilua eman edo ez. Zentsura gaiztoa zen eta ozta-ozta lortzen zuten hura saihestea. Osagai guztiak aproposak dira taldearekin identifikatuta sentitzeko: taldeak aukeratutako arropak (adibidez bakeroak) eskuragaitzak zitzaizkien Bidasoaren beste aldean bizi zirenei; gazteria erreboltari baten adierazgarri zen looka; borroka testuentzako erritmo berriak. Baina, batzuetan, gauzak ez dira batek uste bezala irteten. Arrasaten kontzertua zuten gau hartan, taldeak “Andere haundi” interpretatzen zuen bitartean, Guardia Zibila aretoan sartu zen, eta fusilak eskuetan zituztela, ikusleei agindu zieten aretotik irteteko bost minutuan. Nahastea, zalaparta, Guardia Zibilak gas negar-eragileak jaurti zituen eta borraz jotzen hasi zen han eta hemen. Anje eta Mixelek leihoetatik ihes egin zuten, baina Mixelek areto barruan utzi zuen bere dokumentuak zituen jaka, eta berriro sartu behar izan zuen, ke eta guardia zibil berotu xamar haien artetik aurrera eginez. Manex Pagolak Gernikako Foru Plazan eman zuen kontzertu hura ere gogoan dugu; Ikurrina altxatu zuten, nahiz eta oraindik debekatua egon, eta Espainiako bandera, berriz, erre egin zuten. Oraingo honetan ere Guardia Zibila agertu zen. Ez dira oroitzapen atseginak, baina, nolanahi ere, garai zail haietako solidaritatea gogoratu behar da, taldeak etxe partikularretan babesa aurkitzen zuen garai hartakoa. “1976. urtea zen, trantsizioaren urteak, guztia zen legezkoa eta legearen kontrakoa aldi berean”, gogoratzen du Anjek. 1.- Gure lekukotasuna 2.- Ez deat erranen 3.- Kuia lilien erromeria 4.- Emaztea 5.- Lantegiko hamar 6.- Telebixta 7- Xileko langileria 8.- Bakea 9.- Nagusiaren nigarrak