MALKO GORRIA

Autorea: Sugan

EAN: 8436007082909

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Cd modu onekoak

Edizio data: 2008

PVP originala: 8.95 €

Erosi

Sinopsia

Malko gorria, Sugan: SUGAN taldearengana hurbildu ahala, bere xarma deskubritzeko aukera izango dugu. Xarma horren ezaugarrietako bat izenaren zolitasuna da, eta horren nolabaiteko esanahi bikoitzak sortzen duen sentsazio beroa eta gozoa, ingeleseko sugar (azukrea) eta euskarazko zugan konbinatzetik datorrela baitirudi.

Dena dela, Gipuzkoako Goierritik datorren talde honen erakargarritasunik garrantzitsuena, bere kantuetan topatuko dugu: pianoak eragindako jite klasikoz jantzita dagoen pop/rock zuzena eta freskoa. Horrek halako kontzeptu sinfonikoa gehitzen dio bere musikari, nolabait, 1970eko hamarkadan egiten zen rock kutsua gogora ekarriz. Letretan eta kantatzeko eran berriz, samurtasun ikaragarria sumatzen da, maitasunaren eta bizitzaren intentsitatea ikuspegi femeninoarekin hartuta.

Lehen diskoan (2006. urtean) agerian utzi zituen taldeak bere ezaugarriak eta talentuen sustraiak: musikaltasun zabala, tentsioen eta indarren arteko jolasak, zintzotasuna, sinesmena, gaztetasuna… Estreinako lan hori, ezustean, berehala zabaldu zen eta arrakasta-maila handia ekarri zion taldeari; besteak beste, Euskal Telebistako Pilotari telesailaren sintonia ere disko horretatik atera zuten.

Malko gorria, bere bigarren disko hau, taldeko bateria jotzailea eta ELKAR estudioan ohiko teknikaria den Víctor Sánchezek grabatua eta ekoiztua da. Hamalau kantuk berrik osatzen dute diskoa. Sentimenduz beteriko adierazkortasuna dakarte kantuok, baita bizitasun ikaragarria ere, taldekideen adinari dagokion askatasun-senaz bildurik. Horrekin batera, arrapaladan datoz emozioak, bata bestearen atzetik, gihartsu bezain apartsu, itsaso biziaren olatuen gisara. Abestiak, berriz, edari digestiboak balira bezala, tantaka destilatzen dira gure barrura, azkenean berotasunaz nahasturiko zapore gozoa lagatzen digutelarik.