MARGOLARIA

Autorea: Mikel Urdangarin

EAN: 8436007085559

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Cd modu onekoak

Edizio data: 2017

PVP originala: 9.90 €

Erosi

Sinopsia

Mikel Urdangarin, Margolaria2015.ean bakarka eta zuzenean aurkeztutako lan sotil haren ondoren, Mikel Urdangarinek banda osoaren musikalitateaz horniturik agertzen ditu oraingoan bere konposizio berriak Margolaria deritzan disko hurbil, eskuzabal eta sendo honetan.

Hamar kantu hauetaz baliatzen da kantaria, gizakiaren barrura begiratu samur bat botatzeko eta norberaren bakardade gordinean bizi diren ahuleziak eta zalantzak askatasun kantu bilakatzeko. Abestiak entzunaldi hunkigarri batean lotzen dira bata bestearekin, eta modu harrigarrian harrapatzen gaituzte, gure barruan hazten eta garatzen doazen indar ahaltsuak balira bezala. Grabaketa saioetan lortutako komunikazio musikalaren ondorioz, interpretazioaren sobrietate dotoreak abestion kualitatea mailarik gorenera igotzen du, non intentsitate eta emozioen arteko jolasak, sakontasun handia aportatzen duen. Doinu sujerikor eta olerki bizigarri hauek urrutitik etorrita, urrutira balihoaz bezala. Euskarri honen gainean jarrita, ahotsak gertutasun handiagoa hartzen du, eta intentsoago, atseginago sumatzen dugu, lan honek funtsean dakarren mezu animikoaren zabalkunderako erabat lagungarri suertatuz.

Margolaria izeneko hau, esfortzu handi baten emaitza zoragarria biltzen duen musika lan borobila dugu. Lehenik, abestion sorkuntza azpimarratu behar dugu, Mikel bera doinu guztien eta zazpi hitzen konpositorea izaki. Horrez gain, Gerardo Markuleta handi bat beste bi olerkitan (“Itsasoan euria”, “Dena nire baitako”) ageri da, hala nola Xabier Amuriza ere, Imanol kantariak ezagutzera eman zuen “Mendian Gora” kantaren hitzetan (kasu honetan estrofa guzti-guztiak jasota, Mikelen doinu jostari batez josirik).

Interpretazioak, bestaldetik, diskoaren nortasun argiari gorputz ematen dio: Angel Celada-k (bateria), Jon Cañaveras -ek (baxua), Koldo Uriarte-k (pianoa eta teklatuak), Rafa Rueda-k (gitarrak) eta Nika Bitchiasvili-k (biolina) oreka sonoroa, doinuen xehetasun aberasgarriak eta izaera ibiltari sosegatua eman dizkiote lan distiratsu honi. Diseinuak eta azala, azkenik, Alain Urrutia margolariaren jatorrizko lanak dira, diskoaren balioei espresibitatea eta sujerikortasuna gehitzera datozenak. Lan berri honek, bukatzeko, gizakume arruntaren bizitza libre eta ederra kantatu nahi du, zintzotasunez, ilunpetan darabilen arrastoari argia ekarriz.