RUPER ORDORIKA * LURREAN ETZANDA

Autorea: Ruper Ordorika

EAN: 8436007084941

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Cd modu onekoak

Edizio data: 2014

PVP originala: 8.95 €

Erosi

Sinopsia

Lurrean etzanda, Ruper Ordorika: Zenbait abesti eta zenbait kantari dimentsio anitzekoak dira espazioan zabaldu eta denboran proiektatzen baitira, gure gogo-bihotzean modu berezian eraginez. Era honetakoak dira funtsezkoenak.

Munduko kultura orok izan ditu bereak, guk gurean hainbat ditugun bezalaxe. Ruper Ordorika, zalantzarik gabe, honelako kantaria dugu, halako abestiak sortu eta interpretatzen dituelako.

Duela urte bete Azukre Koxkorrak izenekoan, bere euskal oroimen musikalari atxikitzen bazitzaion, oraingo honetan, ELKAR-ek aurkezten dizun Lurrean etzanda deritzan disko honetan, kantariak barruan daraman korrenteari heldu dio berriro, honako lan sakon, zabal eta gustagarri hau argitaratzeko.

Hamaika kantu berriok agertzen duten sorkuntza lana oso ideia zotil bezain sendoaren gainean oinarritzen da: maila handiko abesti hauek gizakumearen esperantzaren zerbitzuan jartzen bait ditu egile-kantariak, oroimenaren garrantzia, maitasunaren beroa eta bizitzaren edertasuna azpimarratzeko, musikaren dohai ludikoak erabiliz gure barnean ilusio disdirak pizten dituen bitartean.

Dionisio Cañas idazlearen Zerutik gertu ez da ondo egoten izeneko olerkiaren euskarazko egokipena ez ezik, beste abesti guztien musikak eta hitzak ere Ruperrek berak konposatuak dira, den-denak, maila bereko sentipen eta sentsibilitatean ezkonduta, gaueko zeruan lerro batean kokatuta dauden argi beretsuko izarrak baitliran.

Musikalitatearen sujerikortasunaz baliatzen da pertsonaren barrura begiratzeko eta horretarako musikarien kalitateaz hornitzen da Ruper Ordorika, orain arte ohituta gaituen moduan. Musikari hauek kantuen komunikazio ahalmena areagotu egiten dute, ezker-eskubi barreiatuz, pertsonaren barru-barruraino sartzen diren bitartean. Horretan zerikusi handia izan dute grabaketara etorri diren Leo Abrahams gitarra-jotzailea (Brian Eno, Jarvis Cocker…), Simon Edwards baxuan (Fairground Attraction, Billy Bragg… ) eta Kenny Wollesen baterian (Bill Frisell, Tom Waits, John Zorn.) irailaren 5etik 7ra arte, Ruper Ordorikarekin batu ziren, lagun urkoen modura, ELKAR estudioan, Victor Sanchez teknikariaren laguntzarekin, sistema analogikoan zuzeneko saioak erregistratzeko. Emaitza ikaragarri zintzoa da, eta inoiz estudioan izan dugun kalitate musikalik handieneko saioa islatzen du. Lagun arteko solasaldi bat bailitzan, honako musikari hauek unibertso amoltsua eraiki zuten, abesti berrion gainean etzanda, zerua hobeto ikus dezagun. Ondoren, Jamie Saft musikariaren Hammond organoa eta pianoa New York-en grabatu, eta nahasketak eta masterra Azkarateko Katarain eta Mamia estudioetan burutu ditu, Jonan Ordorikaren eskutik.

Azkenik, Oskar Alegriak ekarri du irudia azalera eta barruko argazkietara, Ruperren berezko unibertsoaren interpretazio klasikoa bezain berrizalea eskeiniz.

Ez dakigu inoiz non den bizitzaren gakoa, gehienez ere, izar uxoaren tankera hartzen diogu batzuetan, instant batez begi aurrean igarotzen denean, iheskor bezain liluragarri. Kantu eder bat bezala.