BAS (H) OAN

Autorea: Beñat Achiary, Joseba Irazoki, Julen Achiary

EAN: 8436007085634

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Cd modu onekoak

Edizio data: 2017

PVP originala: 9.90 €

Erosi

Sinopsia

Bas(h)oan, Beñat Achiary, Joseba Irazoki, Julen Achiary: Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary iparrean zein hegoan diharduten musikari porrokatuak ditugu, sortzaile apartak, eta ellkarren artean Bas(h)oan izeneko lan harrigarri bezain bizigarria ondu dute, Ipar Amerikako Robbie Basho (1940-1986) musikariaren lana eta pentsamendua eurenganatuz.

Hemen aurkezten dugun diskoak esperimentazioa du oinarri eta herri musikarentzat bide berriak proposatzen ditu, Robbie Basho bezalako aintzindarien arrastoari jarraituta, beti arakatzen, beti aurreraka, musikaren ahala erabiliz egiaren xerka.

Musikari mota hauentzat musika, batez ere, komunikatzeko lengoaia da, unibertsala eta bateratzailea. Irazoki eta Achiarytarren kasuan ere, hortxe kokatzen da euren aktibitatearen interesgunea, momentu eta leku batean gertatzen den horren kontaketa musikala dute jomuga, alegia; eta, diskoan erakutsi bezala, teknika ezohikoak, afinazio irekiak eta eskala bereziak erabiltzen dituzte, mendebaldeko konposizioaren eta bluesaren heredentziarekin doi-doi nahasturik, entzulearengan oihartzuna lortzen duten sekulako solasaldi musikalak konposatzeko. Lan honetan, ondorioz, interpretazioa bera ere sorkuntza zoragarri bilakatzen da. Somatzen erreza den arren, egiten oso zaila den ariketa.

Bas(h)oan honetako 12 korteetatik 5, Robbie Bashoren konposizioen bertsioak dira, kasu batzuetan euskaratuak, osorik edo tarteka. Beste bat, berriz, “Maitiak bilhua holli”, kantu zuberotar herrikoia dugu. Gainerakoak, azkenik, taldearen berezko konposizioak dira. Hala ere, taldearen bahetik iragazi ondoren, denen artean mailarik goreneko unitate sendoa osatzen dute, musikarion bertsatilitateari eta abileziari esker. Urtetan landutako ahotsaren espresibitateak, tarteka epikoa eta tarteka sentibera, kantu iradokitzaile bezain hunkigarri hauek argitzen ditu, arrago zabal eta oparo bat erakusten digula. Halaber, Itxaro Borda gure herriko kantutegian diren letragilerik handienen pare ageri zaigu.

Azpimarratzekoak dira, bestalde, Mikel Azpirozek teklatuan eta Jules Rousseauk baxuan egindako lanak, baita Ramon Zabalegi artista plastikoak diseinu, argazki eta irudietan egindakoa ere.

Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary kantuaren artisau hutsak ditugu, jakinmin mugagabea duten sortzaileak. Etengabe ari dira pasarteen originaltasuna eta esklusibotasuna lantzen, eta, lan honetan erakutsi bezala, musikaren energia espirituarendako elikagai bilakatzen.